viernes, enero 11, 2008

Azkazal gorrien dizdira

Bere azkazal gorriek dizdira berezia zuten. Dizdira eta misterioa.
Ez ziren esku zainduak. Ez, ez ziren. Baina misteriotsuak ziren, oso. Eta sentsualak.

Batez ere sentsualak.

Zigarro bat bere esku misteriotsu eta sentualekin heltzen eta ahora eramaten zuenean, nik, eroriko zelakoan, nere eskuak luzatzeko tentazio izugarria sentitzen nuen. Bera babesteko tentazio izugarria.

Baina ez.
Hauskorra zirudien arren emakume indartsua zela ulertu nuen beranduago. Eta bere eskuak misteriotsu eta sentsualak ziren.

Harira.

Mahaia berdinean esertzen zen beti, bere eguzkitako betaurreko handiegi horietatik ibiltariei begira. Bere ile luzea koleta baten bildurik.

Eguzkitsu ala euritsu izan arren.

Bere akeit amerikarra izotzarekin pixkanaka edaten zuen bitartean.
Bero ala hotz egin arren.

Bere gorriz margotutako esku misteriotsu eta sentsualekin beirazko edalontzia ahorantz geldo, baina ziur, zeraman bitartean.

(Beti zegoen pentsakor. Bere betaurrekoekin babesturik pentsakor. Bere ile luzea koleta batean bildurik pentsakor.)

Eta ni beti berari begira, zer pentsatzen zuen inoiz asmatuko ote nuen zain. Beti dudaz gainezka.

Eta egun hartan ohartu nintzen. Inoiz gertatuko ez zena, nere uste guztiak suntsituz, gertatu zenean. Betaurrekoak erantzi zituen apirileko egun eguzkitsu hartan.

Egun konkretu hartan ohartu nintzen berarekin ezkontzea lortzen ez banuela, Heriok eramango ninduen eguna harte malenkoniari kateaturik sobrebizitzera kondenaturik, zirgorturik, izango nintzela.

Gaua egun egiten ari zen une hartan agertu zen nire bizkarretik nigana, nirekin, solastera. Ez dut oroitzen zer esan zidan, ziurrenik berak ere ez. Baina segituan ginen nere autoruntz. Bere etxeruntz. Bere oheruntz. (Ez dut oroitzen zer esan esan zidan. Ziurrenik berak ere ez.) Ni itsu nengoen. Eta bero.

Ordundik beti dudaz gainezka nabil. Bere esku misteriotsu eta sentsualak nere esku indartsuek biltzen dituzten bitartean. Baina berriro deituko du gorriz margotutako esku misteriotsu eta sentualeko emakumeak.

Etiquetas: